viernes, 26 de diciembre de 2014

Ezkurdia-Zabaleta bikoteak hasiera bikaina eman dio txapelketari

Binakako txapelketako aurreko edizioan Ezkurdia-Zabaleta bikoteak oso hasiera kaxkarra eman zion txapelketari, seigarren partidura arte ez zuten garaipenik lortu, oraintxe hasi berri den txapelketari aldiz hasiera bikaina eman diote, bi partidutik bi garaipen eskuratuta.

Gaur Tolosako Beotibar pilotalekura jende asko hurbildu da, frontoia ia beteta, eta gehienak Artola-Albisu bikote gipuzkoarra animatzera hurbildu dira. Hala ere, pilotazaleen animoak ez dituzte nahikoa izan partidua irabazteko.

Joseba Ezkurdia Arbizuarra bikain aritu da pilotan, hasieran batez ere tanto ederrak egin ditu eta ideiak oso garbi zituelarik irten da frontoira; golpe ikaragarria, kontzentrazioa, erremate garaian inspirazioa... Txapelketa osoa maila hontan jokatzen badu ezusteko asko emango ditu bikote sakanarrak, izan ere, Zabaleta ere ongi aritu da.

Jon Ander Albisu ez da hain fin aritu; huts nabarmenak egin ditu eta askotan ongi kolokatu ezinik ibili da, ondorioz Artola gazteak ezin izan du gauza handirik egin, naiz eta pilotakada indartsu batzuk jo dituen.

Beraz, bigarren puntua Ezkurdia-Zabaleta bikotearentzat, bitik bi. Artolak eta Albisuk lanean jarraitu beharko dute hurrengo jardunaldian lehenengo puntua eskuratzen saiatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario