lunes, 22 de diciembre de 2014

Binakako txapelketako lehen jardunaldia

Binakako txapelketa abian da jada, inoiz baino parekatuagoa aurreikusten da, eta ondorioak ateratzen hasteko goizegi den arren, azken jardunaldietan dena erabakitzeke egongo dela dirudi.

Lehen jardunaldiko lehenengo partiduan Artola-Albisu eta Bengoetxea-Aretxabaleta bikoteak aritu ziren lehian. Partidu honetako nobedade nagusia Iñaki Artola gaztea zen. Partidari hasiera oso ona eman zion eta aldetxo txikia eskuratu zuten Artolak eta Albisuk, baina pixkanaka aurkariek hobera egin zuten, Bengoetxeak partidua nahiko kontrolpean eraman zuen. Hala ere partidu oso lehiatua izan zen eta bi bikoteek izan zituzten garaipena eskuratzeko aukerak. Azkenean Bengoetxeak eta Aretxabaletak txapelketako lehen puntua eskuratu zuten. 22-19.

Larunbatean Iruñeako Labrit pilotalekuan Olaizola-Beroiz eta Berasaluze-Zubieta bikoteak ibili ziren aurrez aurre. Partidu estua eta lehiatu izan zen hau ere, pilotakada askokoa, lau pilotariek maila handia erakutsi zuten.
Pilotari bat nabarmentzekotan, hau Aitor Zubieta izan zen, ezker-eskuin ederki mugitu zuen pilota eta Pablitori laguntza handia eman zion. Hauek bikote sendoa osatu zuten eta azkenean Aimarrek eta Mikelek amore eman behar izan zuten. 22-20

Igandean Eibarko Astelena pilotalekuan bikote txapelduna bikote gazte baten aurka. Irujok eta Abel Barriola txapeldunak ahaleginak egin zituzten Ezkurdia eta Zabaletaren golpeari aurre egiteko, partidu oso estua izan zen, baina bukaeran beteranoek huts batzuk egin zituzten eta gazteek lasaitasun handia erakutsi zuten. Ezkurdia eta Zabaleta nagusi 22-19

Gaur, astelehena, Tolosako Beotibar pilotalekuan Xala-Merino eta Retegi Bi-Rezusta aurrez aurre. Bi bikote apal, baina ixil-ixilik zeresan handia eman dezaketenak txapelketa hontan. Partida jokatzen hasi da eta Xala eta MerinoII.a 14-10 aurretik zihoazen, baina Ivesek gerrialdean mina nabaritu eta partida bertan behera utzi behar izan du, ondorioz puntua Rete Bi eta Rezustak eskuratu dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario